INZIDENTZIAK 943857319
2014/09/29  Zestoa

%82ko birziklapen tasa Zestoan

Hiru hilabete dira Zestoan hondakinak biltzeko sistema komunitarioa abian jarri zela eta dagoeneko bete da Udalak ezarritako helburua.  %82,26ko birziklapen tasa du Zestoak, %74,73 sistema komunitarioarekin egiten den gaikako bilketari esker eta %7,53 autokonpostari esker. 

2013ko abuztuko datuak eta 2014ko abuztuko datuak alderatuz, gaikako bilketan honako emaitzak lortu dira: errefuxa %60 gutxiago jaso da, ontzi arinak pasa den abuztuan baino %119 gehiago, papera eta kartoia %36 gehiago, beira %23 gehiago eta hondakin bereziak %35 gutxiago jaso dira.

Maiatzean jarri zuen martxan Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak Urola Garbia kanpaina, eskualdeko udalerrietan ahalik eta errefuxa gutxien sortzeko eta birziklapen maila altuak lortzeko xedearekin. Zestoan %70eko birziklapen tasa lortzea zen helburu eta bete soilik ez, Leire Etxeberriak, Zestoako alkateak, adierazi duenez “zestoarrek helburua bete eta gainditu ere egin dute.”

Emaitza onak ere herri txikietan

Zestoan bezalaxe, Aizarnazabalen ere hondakinak biltzeko sistema aldatu zen eta ekarpen gune itxien bidez hondakinak gaika biltzen hasi ziren, hondakin organikoa izan ezik. Organikoa, herritarrek zuzenean autokonposta bidez kudeatzen hasi ziren. Lehen emaitzen arabera, hiru hilabeteetan, Aizarnazabalen %94,46ko birziklapen tasa lortu da; %65,12 gaikako bilketari esker eta %29,34 autokonpostari esker.

Sistema berbera erabiliz, apirila amaieran hasi ziren hondakinak biltzen Beizaman eta Bidania-Goiatzen eta bildutako errefuxa kantitatearen eboluzioaren arabera, bi herrietan errefuxa %75 inguru gutxiago jasotzen da egun. 

iruzkinak

Ondorengo eremuak bete. (*) Duten eremuak derrigorrezkoak dira.