INZIDENTZIAK 943857319
2017/10/11  Azpeitia

Hondakinen bilketa sistema berria ezartzeko bilerak egingo dira astelehenetik aurrera

Urte bukaerarako hondakinen bilketa sistema berria izatea aurreikusten du Udalak, eta horretarako hiru fasetan egingo den lanketa aurkeztu dute Eneko Etxeberria Alkateak, Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko Lehendakariak eta Estitxu Elduaien alkateordeak. Lehen fasean landa-eremuko ekarpen guneak jarriko dira abian, eta astelehenean bertan hasiko dira auzoetan bilerak egiten, sistemaren nondik norakoak azaltzeko.

Azpeitia eta hondakinak "lotuta" daudela esanez hartu du hitza Eneko Etxeberria alkateak. Azken urteotan hainbat konpromiso politiko hartzen eta adosten joan da Udala:"Iaz Lapatx itxi genuen, eta orain, erronka berriari aurre egin behar diogu. Azpeitiarron erronka hondakinen %70a gaika biltzea da", adierazi du Etxeberriak.  Errauskailua ez egiteko alternatiba teknikoak badaudela gaineratu du, eta sistema berria ezarrita gaikako bilketa igotzean dagoela gakoa ere azpimarratu nahi izan du: "Gaika ondo bereizten baditugu hondakinak, ez da errauskailurik beharko".

Sistema sinplea izango da herritarrentzat: etxe bakoitzak hondakinak botatzeko txip bidez irekitzen diren organikoko eta errefusako edukiontzi bat (etxetik gertuena dagoena) izango ditu izendatuta, eta eguneko edozein ordutan eta edozein egunetan bota ahal izango dute edukiontzi horretara. Plastikoa, beira eta papera orain artean bezala jasoko da.
Etxeberriak, "bakoitzak gutxi eginda azpeitiarrok asko lortu" dezakegula ere azaldu nahi izan du.

Sistema berria, hiru fasetan

Aitor Bereziartua Mankomunitateko lehendakariak eman ditu ezarpenaren inguruko xehetasunak

1. Landa eremua eta saltoki handiak

Astelehenean bertan hasiko da Udala Mankomunitatearekin batera landa-eremukoa eta merkataritza guneetan lanean: "Fase honetarako landa eremuko bilerak antolatzeaz gain, landa eremuko etxeetatik banan bana pasatuko gara hemendik aurrera nola egin beharko duten azaltzeko", adierazi du Bereziartuak. Merkataritza saltoki handiak ere banaka pasatuko dituzte aldaketak azaldu eta kezkak argitzeko. Fase hau azaroaren erdirako bukatuta izatea, eta ordurako sistema berriarekin funtzionatzea aurreikusten dute.

2. Herrigunea: Azpeitia eta Urrestilla

Behin landa eremukoa eta merkataritzakoa eginda, herriguneko lanketa egiteko unea izango da. Aurrez, datorren astean, sistemaren aurkezpena egiteko bileran azalduko dira sitemaren xehetasunak.
Urriaren bukaeran auzo bakoitzeko edukiontziak non jarriko diren adieraziko da auzo bakoitzean, bando bidez. Auzotarrek aldaketak proposatzeko aukera izango dute, eta eskaera guztiak aztertu eta erantzun ostean, edukiontziak ezarriko dira. Abenduaren hasieran banatuko zaizkie txip eta beharrezko materialak herritarrei eta egun gutxiren buruan, edukiontziak txip bidez ireki beharko dira.

3. Industria gunea

Gabonen ostean, azkenik, herriko industriaguneetako hondakinen bilketa sistema aldatuko dugu. Industriaguneetan atez ateko gaikako bilketa egingo da. Azpeitiaz gain, eskualde osoan hasiko da Mankomunitatea era horretara bilketa egiten.

Bileren egutegia

Landa eremuko bilerak, bilera guztiak 19:30ean egingo dira. Aurrez esan bezala, landa eremuan ekarpen guneen bidezko funtzionamendua lehen fasean jarriko da abian. Beraz, lehen bilera horietan sistema bera nola izango den azaltzeaz gain, konpostagailuak nola funtzionatzen duten ere azalduko zaie landa eremuko bizilagunei, eta konpostagailuak ere bertan emango zaizkie.

Landa-eremuko bilerak

  • Urriak 16, asteleheha: Matxinbentan (taberna)
  • Urriak 17, asteartea: Nuarben (Sokatira elkartea)
  • Urriak 18, asteazkena: Aratz-erreka (tabernan)
  • Urriak 19, osteguna: Urrestilla (Jubilatuen lokalean)
  • Urriak 23, astelehena: Oñatz (elizan)
  • Urriak 24, asteartea: Elosiaga (Añotan)
  • urriak 25, asteazkena: Loiola (Loiolatxo elkartean)
  • Urriak 26, osteguna: Izarraitzeko landa-eremua (azoka plazan)

Herriguneko bilerak

  • Urriak 17, asteartea: Azoka plazan (18:00etan, gazteleraz eta 19:30ean, euskaraz)
  • Urriak 19, osteguna: Urrestilan (Jubilatuen lokalean), 19:30ean

Iturria: http://azpeitia.eus/berriak/item/4257-hondakinen-bilketa-sistema-berria-martxan-izango-da-urtea-bukatzerako

Lagun bati bidali

iruzkinak

Ondorengo eremuak bete. (*) Duten eremuak derrigorrezkoak dira.