INZIDENTZIAK 943857319
2016/04/08  Zestoa | Azpeitia | Azkoitia

Poltsa konpostagarriak banatzeagatik diru-laguntza emango die Mankomunitateak Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako establezimendu batzuei, horretarako izena emateko epea zabalik dago.

Deialdi honen helburua da Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduei diru-laguntzak ematea, lehiaketa erregimenean, 2016an poltsa konpostagarriak banatzeko zerbitzua eskain dezaten. Kanpaina hori bultzatzeko  hamar mila (10.000,00) euroko diru-laguntza emango du Urola Erdiko Mankomunitateak, 2016. urtean. Diru laguntza  hamar establezimenduk jasako dute, beraz, 1.000,00 euroko diru-laguntza izango du bakoitzak.

Poltsa konpostagarriak jasotzeko aukera auzo desberdinetara zabalduko da, zerbitzua herritarrei hurbilduko eta erraztuko zaie, honela. Baliabide gehiago eman nahi zaizkie herritarrei hondakinak jatorrian bereizteko, are eta hondakin organiko gehiago biltzeko gaika, alegia.
Diru-laguntza lerro horren onuradunak 10 izango dira guztira, honela banatuta, zehazki:

  • - 4 establezimendu Azkoitian
  • - 4 establezimendu Azpeitian
  • - 2 establezimendu Zestoan.

 

Establezimendu onuradunak auzo desberdinetan egongo dira eta ostalaritzako establezimenduak ezin izango dira onuradun izan (Zestoan izan ezik). Lan hau lagunduko da diruz: herritarrei poltsa konpostagarriak banatzea (2 biribilki) establezimendu horien arreta-ordutegian. Poltsak dohain banatuko dira. Jarduera-epea urtebetekoa izango da Mankomunitateak onuradunari poltsak eman eta hurrengo egunetik hasita.
Deialdi honetako diru-laguntzak lortu ahalko dituzte jarraian aipatuko diren baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek:

  1. a) Jarduera Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkataritza- eta zerbitzu-establezimendu iraunkorretan gauzatzea.
  2. b) Jendearentzako arreta eskaintzea goizez eta arratsaldez.
  3. c) Azken urtean benetako presentzia eta jarduera izatea udalerri horietan.
  4. d) Udal-lizentzia izatea edo jarduera-aurreko jakinarazpena aurkeztu izana ziurtatzea eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta izatea.
  5. e) Lokala irisgarria izatea. Baldintza hau betetzen ez duen eskatzailerik ez badago, prozedura gainontzekoekin jarraitu ahal izango da.

 

Diru laguntza eskatzeko epea, maiatzaren 6an amaituko da, eta eskaera-orriak eskuratu eta betetzeko argibideak Azkoitiko Hondakinen Informazio Bulegoan, Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitatearen Azpeitiko bulegoan eta Zestoako Hondakinen Informazio Bulegoan emango dira.

 

dokumentuak

iruzkinak

Ondorengo eremuak bete. (*) Duten eremuak derrigorrezkoak dira.