INZIDENTZIAK 943857319
2014/06/20  Zestoa

Zestoako hondakinen bilketa sistema komunitarioa martxan izango da ekainak 30etik aurrera

Azkeneko hilabeteetan hondakinak biltzeko sistema berria prestatzen aritu ostean,datorren ekainak 30ean, astelehena, Zestoan, hondakinen bilketarako sistema komunitarioa martxan jarriko da. 

Azken hilebeteetako prestatze-lanak

Pasa den urteko abenduan adostu zuten Zestoako Bildu eta EAJk, herrian hondakinak biltzeko sistema komunitarioa martxan jartzeko akordioa. Akordioa lortu zenetik gaur arte, Zestoako Udala eta Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitatea prestatze-lanetan aritu dira honek dakartzan aldaketak herritarrei ezagutzera emateko.

Udaletxean, Hondakinen Informazio Bulegoa zabaldu zen eta auzoz auzo herritarrekin bilerak egin dira hondakinak biltzeko sistema komunitarioaren funtzionamendua azaltzeko, beraien ekarpenak jasotzeko eta zalantzak argitzeko.

Era berean, merkatariekin ere bilerak egin dira, funtzionamendua azaltzeaz gain, sistema berri hau beraien beharretara egokitzeko eta, herriko ikastetxe eta adineko egoitzetan formakuntza tailerrak egin dira hondakinak era egokian sailkatzeko. Herri ikastetxeko neska-mutilek formakuntzaz gain, kalean ipiniko diren edukiontziak apaintzen aritu ziren “Zestoan Garbi” kanpainako tximeletarekin.

Bilketa sistema komunitarioaren funtzionamendua

Datorren ekainak 30ean martxan jarriko den bilketa sistema komunitariorako bi eremu bereiziko dira herrian; batetik,  Zestoa kaskoa, Iraeta eta Arroa Behea eta, bestetik, landa eremua eta gainontzeko auzoak.

Zestoa kaskoan, Iraetan eta Arroa Behean, egunero etxeko atarietan jarri eta kenduko diren edukiontzietan botako dira hondakinak. Hondakinak botatzeko ordutegia arratsaldeko 20:00etatik 22:00etara izango da eta asteko egutegia ondorengoa da: astelehenetan ontzi arinak; asteartetan material organikoa; asteazkenetan errefusa; ostegunetan ontzi arinak; ostiraletan material organikoa; larunbatetan ez da bilketarik izango eta igandetan material organikoa.

Pardelak botatzeko beharra duenak ere egunero bota ahal izango ditu, kalean jarriko diren edukiontzietan (Hondakinen Informazio Bulegoan izena eman beharra dago). Beira eta papera eta kartoia, aldiz, orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bidez.

Landa eremuan nahiz gainontzeko auzoetan ekarpen guneak jarri dira gaikako bilketa egiteko. Herritarrek jada badute dagokien ekarpen gunera sartzeko giltza edo txartela. Ekarpen gune bakoitzean, organikorako izan ezik, beste hondakin mota guztiak botatzeko edukiontziak daude. Organikoa, eskualdeko herri txikietan lez, auzokonposta edo autokonposta bidez kudeatuko dute zestoarrek.

Salbuespenetarako Larrialdi Gunea kokatu da herrigunean eta erabili beharra duenak aurrez Hondakinen Informazio Bulegora joan beharko du Larrialdi Gunera sartzeko giltza edo txartelaren bila eta, ondoren, ezinbestekoa izango da txartela bueltatzea.

Herritarrek jaso beharreko KITa etxerako

Sistema berria martxan jarri aurretik, KIT bat jaso behar dute herritarrek, bilketa berrira ahalik eta ondoen egokitzeko eta egokitzapen hori ahalik eta errazen egiteko. KIT horrek honako elementuak izango ditu: materia organikoa biltzeko poltsa konpostagarriak; zalantzak argitzeko, etxerako Zer-Non Hiztegia, hondakinak modu egokian sailkatzeko hiztegia da eta hondakin bakoitza non bota behar den argitzen du; eta, hondakin bakoitza ze egunetan eta ze ordutan atera behar den jakiteko, asteko egutegi eta ordutegia jasotzen duen iman bat.

KITa jasotzeko egunak eta orduak:

Ekainak 24, asteartea:  

Goizean, 12:00etatik 13:00etara Arroa Beheko elkartean

Arratsaldez, 18:00etatik 19:00etara Iraetako elkartean.

Ekainak 25,asteazkena:

Goizean, 12:00etatik 13:00etara Iraetako elkartean.

Arratsaldez, 18:00etatik 19:00etara Arroa Beheko elkartean.

Ekainak 26, osteguna:  

Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitartean Hondakinen Informazio Bulegoan (udaletxeko behe-solairuan).

Ekainak 27, ostirala:     

Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitartean Hondakinen Informazio Bulegoan (udaletxeko behe-solairuan).

Datorren astean probak egingo ditu Mankomunitateak Zestoako kaleetan

Datorren astean Mankomunitateak prestatze-lanetan, proba batzuk egingo ditu eta herrian edukiontziak ipiniko dira. Kamioia ere ibiliko da baina probak egiteko eta ez hondakinak botatzen hasteko.

iruzkinak

Ondorengo eremuak bete. (*) Duten eremuak derrigorrezkoak dira.