INZIDENTZIAK 943857319

Konpostatze zerbitzua

DESKRIBAPENA

Zer da konpostatzea?

 

Azalpen zientifiko-biologikora joz gero, prozesu natural bat bezela azalduko litzaiguke. Prozesu honen bidez, deskonposizio biologiko bat gertatzen da eta materia organikoa lehenengo mikroorganismo bidez (bakteriak, onddoak) eta geroxeago zomorrotxo bidez (kolemboloak, zizareak, intsektu batzuk) deskonposatzen joaten da, azkenik materia organiko deskonposatu eta egonkorra lortzeraino. Prozesu hau baldintza aerobioetan ematen da, hau da, oxigenoaren presentzian. Irudian azaltzen den bezela konpostatze prozesuan, materia organikoan dagoen organismoen konposizioa ezezik, tenperatura ere aldatzen da. 

 

 

Bestalde, hiri hondakinen kudeaketa sistemako terminologia erabiliz, konpostatzea hondakin organikoen tratamentua da. Prozesu honen bitartez materia organikoa hondakin izatetik hondakina ez den materiala izatera pasarazten da, eta sektore sozio-ekonomiko batzuetan produktu bezela erabil daiteke: nekazaritzan lurrak ontzeko esaterako, edota mendietan higatura arriskuan dauden lurrak babesteko (ikus bideoa)

 

 

Helburuak eta onurak

 

Mankomunitateko Konpost zerbitzu eta konpost guneen erregulaziorako ordenantzak adierazten duen bezela, helburu nagusitzat hartzen da hiri hondakin organikoaren kudeaketarako bide bakartzat konpostaje praktika ezartzea1.000 biztanletik beherako udalerrietan.

Bestalde, Europako Kontseiluak 1999ko apirilaren 26an emandako Hondakinen Isurketari buruzko Zuzentarauak (1999/31/EE) xedatzen du 2016ko uztailaren 16rako zabortegira bota ahalko den hondakin biodegradagarrien gehienezko kopurua (1995an sortutako hondakinen biodegradagarriei dagokienez) %35ekoa izango dela.

Hau horrela izanik, Konpostajearen praktikak bere garrantzia du, izan ere, zabortegira isurtzeko hondakinak gutxitzeko modua dakar eta gainera hondakin organikoa sorlekutik gertu tratatzea ahalbidetzen du. Honek era berean bere onurak dauzka herritarrentzat:

  • Herritarra bere hondakinaren kudeatzaile izatea ahalbidetzen du, modu honetan hondakinaren arduradun zuzen bilakatuz, eta hondakinen kudeaketan kontzientzia hartuz.

  • Hondakin organikoa karbonoaren ziklo naturalean modu eraginkorrean sartzea ahalbidetzen du, baita beste tratamentu batzuk sortzen dituzten kalteak sahiestu ere, hala nola, errausketa edo zabortegira egiten diren isurketak.

  • Era berean, hiri hondakinak biltzea merkatuko luke, izan ere, ez da hondakin organikoa ez garraiatu ez tratatu behar; horrela, herritarren hondakinen tarifak jeitsiz.

 


KONPOSTAGARRIAK DIREN HONDAKINAK

Konpostatu ahal diren hondakin organikoak

  • Konpostatzeko erabili daitezken hondakin organikoak etxe hondakin organiko guztiak dira, sukaldatuak eta sukaldatu gabeak.

  • Hondakin organiko guztiak dena den, "heze" eta "lehor" taldeetan sailkatzen dira.

    • Hondakin organiko hezeak:

      • Barazkiak eta fruta

      • Haragia eta arraina

      • Janari hondarrak

        • Potajeak

        • Pasta

        • Arrautza egosiak...

    • Hondakin organiko lehorrak:

      • Ogia

      • Arrautza oskolak

      • Fruitu lehorrak

      • sukaldeko papera, janariarekin zikindua

      • kafea eta infusio ondarrak

      • Marisko oskolak

      • Botela kortxoak eta hortzetako txotxak

      • Txirbila, belar lehorra, lastoa, orbela...

  • Konpostatze egoki bat lortzeko materia organiko hezearen eta lehorraren artean oreka bat izan behar da gainera (Ikus aurkezpena)

                                                                                        

Konpostatu ezin diren hondakinak      

  • Olioa: herriguneetan olioa jasotzeko jarrita dauden etxoletan isuriko da

  • Botikak: kadukatutako sendagaiak botikara eramango dira

  • Papera eta kartoia: edukiontzi urdinean isuriko dira, janariz zikinduta dagoen sukaldeko papera izan ezik

  • Plastikozko zorroak: ontzi arinen edukontzi horian isuriko dira

  • Errautsa: Suak sortzen duen errautsa errefuseko edukiontzian jasoko du Mankomunitateak

  • Beste hondakin batzuk: txakur kaka, zigarro mutxikinak, eskobatutako zaborra, oihal puxketak, kimikokin zikindutako hondakinak...


AUTOKONPOSTA

Autokonpost zerbitzua, beraien partzela propioa duten herritarrei zuzenduta dago, eta ondorioz, konpostagailua beren lursaileko eremu baten kokatu ahal dutenei.

Konpostagailua Urola Erdiko Mankomunitateak hornitzen du, eta eskaria Mankomunitateko bulegoan egin beharko da. 

Konpromiso orri bat bete beharko du eskaria egiten duenak eta Mankomunitateko bulegoan entregatu beharko du. Konpostagailua emateaz gain, formakuntza ere eskaintzen du Mankomunitateak konposta nola egin azaltzeko.

Prozesua (pauso garrantzitsuenak hemen azaltzen dira, baina badago gida bat jarraitzeko):

  • Konpostagailua lurra edo belarra duen lur-zola baten gainean kokatzen da zuzenean, modu horretan konpostatzea ahalbidetuko dituen mikroorganismo eta makroorganismoei sarrera erraztuko zaie.

  • Konpostagailua kokatu aurretik, komenigarria da lur-zola horretan sare metaliko bat jartzea, (zuloak 1cmx1cm izango dituelarik) horrela saguak eta antzeko animaliak sartzea ekidingo da.

  • Behin konpostagailua kokatuta dagoela, lehen materia organikoa bota aurretik egitura emateko erabiltzen den konposatuaren geruza bat jarriko da, 10 cm inguruko sakonera izango duena, horrela, konpostak hezetasun gehiegi izatea ekidingo da. 

  • Konpostagailuarekin batera, konposta biratzeko eta nahasteko erabiliko den nahasgailu metaliko bat entregatuko du Urola Erdiko Mankomunitateak. Nahasgailu hau konposta aireatzeko erabiliko du erabiltzaileak, helburua konpostatze prozesuan baldintza aproposak (hezetasun eta egitura) eta mikro eta makro organismoen bizitza mantentzea izango dira.

Mankomunitateko Gure Esku atalean informazio luzeago azaltzen dugu.

 


AUZOKONPOSTA

Auzokonpost zerbitzua, autokonposta egin ezin duten herritarrei zuzendutako zerbitzua da. Urola Erdiko Mankomunitateko herrietan jada ezarrita daude auzokonpostgune batzuk eta beharrak eskatu ahala berriak ere eraikitzen joango da Mankomunitatea, herritarrei zerbitzua emateko.

Auzokonposta egiteko prozesua autokonpostarenaren berdina da. Aldatzen dena alde batetik, tratatutako hondakin organikoaren bolumena da, eta bestetik, kudeaketaren organizazioa eta prozedura, izan ere 8 familia inguruk parte hartzen dute konpostagailu baten. Beronen organizazioa eta prozedura Mankomunititateak zuzentzen du. Mankomunitatearen eta auzokonpostean parte hartzen duten herritarren arteko harreman-araudiak alde ezberdinen ardurak eta egin beharrekoak zehazten ditu.

Parte hartu nahi izanez gero Mankomunitatean egingo da eskaria orri honen bidez (PDF)

Auzokonpostaren inguruan informazio zabalagoa Gure esku atalean aurkituko duzue