INZIDENTZIAK 943857319
2014/04/03  Azkoitia

Hondakinen mahaiaren erabakiz, Azkoitian bilketa sistema aldatuko da

Hondakiko mahaiko kideak, prentsaurrekoan (Estitxu Elduaien)

Azkoitiko hondakinen lan taldeko Azkoitia Baik, Zero Zaborrek eta EH Bilduk taldeek agerraldia egin dute Azkoitirako adostu duten bilketa sistemaren nondik norakoak azaltzeko. "Aukera eta sistema ezberdinak kontuan hartuta, eta 2013ko uztailean udalbatzak onartutako %70 edo gehiagoko gaikako bilketara iristeko helburua lortzeko sistema eraginkorrenak aztertzen aritu ondoren eta hainbat aukera aztertu ostean, bilketa sistema mistoa bat jartzea erabaki dugu."

Zehazki, honako sistema ezarriko da: Papera, ontzi arinak, beira eta organikoa orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bidez. Edukiontzi marroiari txipa jarriko zaio. Aldaketa bakarra errefusa edo edukiontzi grisean egongo da; edukiontzi grisa kendu egingo da eta birziklatu ezin diren hondakin horiek atez ate jasoko dira, astean behin, ordutegi zehatz batekin. Organikoaren bereizketan emaitza hobeak lortzeko, orain arte bezala, autokonposta eta auzokonposta indartzeko neurriak hartuko dira. Pardelentzat berriz, edukiontzi bereziak jarriko dira. Merkatari eta hondakin sortzaile handiekin ere lanketa berezia egingo da, egungo bilketa hobetu eta alor horietan bereizketa sistema eraginkorragoa lortzeko. Landa eremuetan gune berezituak jarriko dira, ekarpen guneak, hondakinak gaika biltzeko. "Ikerketa eta azterketa ugari egin ostean, aldaketa honekin jauzi handia eman dezakegulakoan gaude, egungo %34ko bereizketa tasatik %70etik gorakora pasatzeko aukera ematen duelako. Tasa horietara iristeko gakoa errefusa eta organikoa ondo sailkatuta biltzea da. Beste herri batzuetan, adibidez Legazpin, emaitza oso onak ematen ari da sistema hau eta herritarrentzat aldaketa oso txikia suposatuko du. Ohitura aldaketa minimo batzuekin jauzi handia emango dugulakoan gaude."

Parte-hartze prozesua

Erabaki hau urtebeteko partaidetza prozesu baten ondoren hartua izan dela adierazi dute. Orain urtebete inguru jarri zen martxan hondakinen mahaia eta bertan, herriko eragile sozial, politiko eta norbanakoekin hainbat bilera egin ziren gaia aztertzeko. Bilera horien ondoren, hondakinen mahai horrek Azkoitiko hondakinen sistema bilketak bermatu beharko lituzkeen gutxieneko irizpide batzuk adostu zituen:

- Bilketa sistemaren inguruan: Sistema ezartzen den urtean (2014an) sailkatze maila %70era iristea, eta ondorengo bi urteetan %80-85era iristea. Gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eredua izatea. Errefusari atea itxiko dion sistema izatea.

- Hondakinak sailkatzea herritar guztion betebeharra da.

- Prebentzio politikak beharrezkoak dira.

- Bilketa eredua zehazterakoan irizpide teknikoak hartuko dira kontuan.

Hondakinen mahaiak irizpide horiek betetzeko eskatu zien Udalari eta 2013ko Udalbatzak konpromiso hori hartu zuen, EH Bildu, Azkoitia Bai eta EAJren aldeko botoekin. Horren ondoren, bigarren fase bati ekin zion hondakinen lan taldeak. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak eta Zero Zabor taldeak helburu horiek beteko dituen sistema aztertzeari ekin zioten. (Atez atekoaren kontrako plataformak parte hartzeari uko egin zion). Fase honen hasieran kide guztiek honako konpromisoa hartu zuten: gutxieneko horiek lortzeko bakoitzaren jarrerak malgutzeko prestutasuna. "Hortik abiatuta guk hasierako posturatik mugitzeko eta akordio batera iristeko ahalegina egin dugu, betiere gutxieneko horiek bermatuko dituen sistema egokiena aukeratzeko. Eraginkortasunaren izenean atez-atekoaren aldeko autua egin genezaken, baina adostasuna izan dugu helburu eta herritarrentzat ohitura aldaketa txikiena suposatuko duen sistema bat ezartzea." Erdibidean dagoen sistema bat izan da adostutakoa beraz.

Lasaitasunerako deia

Herritarrei lasaitasun mezua ere eman nahi izan diote: eurekin batera egingo da aldaketa prozesua eta behar duten informazio, laguntza eta babes guztia izango dute sistema berrira egokitzeko, eta bidea ahalik eta errazen egiten saiatzeko konpromisoa hartu zuten. Hasteko, datorren astelehenean bertan, apirilaren 7an, bilera ireki bat egingo da sistemaren eta bera ezartzeko prozesuaren inguruan berri emateko, eta herritarrek dituzten galdera, zalantza eta kezka guztiak argitzeko. Ordutik aurrera, uneoro egongo da informazioa eskuratu eta zalantzak argitzeko aukera, eta sistema martxan jartzeko teknikari bereziak ere jarriko ditu Urola Erdiko Mankomunitateak. Sistema jarri ostean, aldiro egingo zaio jarraipena, ezarritako helburuak betetzen diren ala ez ikusteko, eta beteko ez balira beharrezko aldaketa eta hobekuntzak egiteko. Ondo bidea, udarako martxan izatea espero da. "Bitartean, esan bezala, lasaitasuna eta ardura eskatu nahi diegu herritarrei. Eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan informazioa bildu, ekarpenak egin eta gaia lantzeko bide lagun izan ditugun herritar eta talde eragileak. Aurrera begira ere elkarlana ezinbestekoa izango da gauzak ondo egiteko eta hondakinen kudeaketa hobetzen joateko.

iruzkinak

Ondorengo eremuak bete. (*) Duten eremuak derrigorrezkoak dira.